XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HARTZ TENISLARIA

Ursus wimbledon

Lupusen arabera, animalia hau Australiakoa da jatorriz, baina gaur egun Bitxilandian bakarrik bizi da.

Naturak teniserako egin du: ikusi erraketa moduko belarriak eta zapatila bereziak.

Hartz tenislariak orduak eta orduak ematen ditu Barraskilo badiako hondartza gorrian tenisean taldeka jokatuz (Lupusek 128 ale zenbatu zituen).

Hartzen arteko tenisaren arauak gizon-emakumeen tenisaren arauen antzeko samarrak dira, baina epailerik ez dago, hartzek kiroltasun handiz jokatzen dutelako, eta nekez protestatzen dutelako galtzen dutenean.

Oker guztiz larrietan bakarrik amorratzen da hartza, eta zokarena egiten du orduan, erraketa lurrera jaurtitzearen antzeko zerbait.

Erraketa beraren belarria denez gero, burukada gogor bat egin lurrean, eta zok esaten du oihuka (hau da, ni bai baboa, gutxi gorabehera).

Amodioen urtaroan, binakako bikote mistoak sortzen dira: hartz ar bat eta hartz eme bat.

Hartzen jokoaren maila bikaina da: Lupus saiatu zen haietakoren batzuri erronka jotzen txipiroizko sokez eginiko erraketa moduko batekin, eta sei eta huts galdu zuen.

Ondoren baino ez zen konturatu erraketaren sokak Osvaldok jan zizkiola.